XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Bai, jauna. Marcel Oudot hori konplikazio handirik gabeko gizona da.

Uste dut hura ordezkatzea ez zaidala zaila gertatuko.

Zerbait geroago, hiritik irtetzen ari zirela, Euler-ek galdera hau egin zion: - Jarraitu duzue gure gizona bijilatzen? - Bai.

Zuri txostena bidali ondoren, egunero ibili gara Marcel-en atzetik, gaur salbu.

Gaur, orain, larunbatetan egiten duen bezala, La Pomme kafetegian egongo da zorioneko seiluak trukatzen.

Ez daki ohituretatik irtetzen - amaitu zuen burlazko barre batez.

Paris-eko argiak atzean utzi eta orain iluna zuten lagun, belardiak eta soroak omen zirenak gurutzatzen ari zirela.

Euler-ek, Berlin-etik trenez egindako bidaian egin zuen bezala, bere gogoetak hartu zituen laguntzat.

Zer zen jauregi horrena?.

Hertz-ek ez zion bere txostenean horretaz ezer aipatzen.

Zirudienez, alokatze hura zerbait berri izan behar zuen.

Eta, zergatik alokatu behar jauregi bat hiritik urrun, eta ez pisu bat hiri barruan?.

Arrazoiren bat egongo zen horretarako, baina gai hori ez zuen Guyon bezalako menpeko batekin eztabaidatuko, Abwehr-ek Paris-en bere zerbitzuan jarritako taldearen buruzagia zen Ernst Hertz berarekin baizik.

Kotxeak burnizko atea iragan ondoren lorategia gurutzatu zuen jauregiko atari aurrean geratzeko.

Bi gizonak kotxetik irten ziren.

Guyon-ek portaekipaia zabaltzen zuen bitartean maleta ateratzeko, Konrad Euler-ek aurrean zeukan edifizioa aztertu nahi izan zuen. Alferrik.

Iluntasun hartan ezin zezakeen asko ikusi.

Gero, bakardadea sentitu zuen, haize garbia eta lur zabalen xarma.

Zerbait urrunetik zingiraren batean igelek ateratako soinua zetorren.

Zeruan ez izarrik eta ez ilargirik.